XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itsaso kontra zegoen Nishizakako mendixkan prest zeuden gurutzeak. Hasiera batean mendixkaren bestekaldean gurutziltzatu behar zituzten eta ordu batzu lehenagora arte hantxe egon ziren gurutzeak; hura zelai ilun bat zen, hildakoen arrastoz jositako lekua eta txakur basati eta hegazti harraparientzat ingurumari aproposa.

Toki honetan gaizkile arruntak hiltzen zituzten. Diotenez, izen handiko portudaldar batzuk lekuz aldatzeko eskatu zioten Terezawari. Hark onartu egin zuen hauen eskakizuna eta garia ereindako zelaia izan zen aukeratua. Eguzkia zegoen arren hotz egiten zuen goiz hartan.

Goizeko hamarrak aldera heldu zen martiri taldea Nishizaka mendixkara. Lepoan zeramatzaten errosarioak bideko kristauei eman zizkieten zenbaitzuk eta aurkitzen zituzten lagunei edota senitartekoei lasai egoteko eta pozteko eskatzen zieten. Gurutzeak mendixkaren magalean lurrean zeuden, lerroan, bata bestearen ondoan.

Martiriek bazekiten zein gurutze zegokion bakoitzari, aldez aurretik neurtu baitzituzten. Gurutzeratu baino lehen, frantzizkotarrek eta jesuitek elkar barkatu zuten. Gurutzeak hi metro ingurukoak ziren, bi besodunak eta ipurdiaren parean sedile edo irtenune bat zuen egurrak gurutzean tente egon ahal izateko.

Orkatiletan, eskumuturretan eta lepoan uztaiak lotu zizkieten. Terezawak bere abanikoarekin ordena eman zuenean hogeita sei gurutzeak zutik jarri zituzten. Denak kantuan hasi ziren, bakoitzak gustoko zuena; baina batek ezin izan zuen, anai Felipe de Jesusek, anai Martinen eskumatara zegoenak.